Lizarrako merkatua XII. mendean sortu zen eta hiriko sorrerarekin loturik dago1, Donejakue Bideko merkataritzarekin eta zerbitzuekin sortu baitzuten. Hain zuzen ere, osteguneko merkatua jada 1164ko foruan agertzen da aipaturik.
Hasieran, San Migel burguan kokatu zen, elizako zelaigunean. Auzo hori sortu zen Lizarra asteroko merkatu handi batez hornitu behar zelako eta gaur egun arte, Merkatu Zaharra plaza deitua izan da, horren sorburua aipatuz.
Urte batzuk geroago, 1187an, San Joan burgua sortu zenean, plaza zabal bat eraiki zen merkatua bertan hartzeko: Merkatu Berria plaza (gaur egun Foruen plaza). Eta kokaleku honetan egin da bederatzi mende hauetan barna, ia-ia etengabe.
Garai horretan, eguneroko eta asteroko merkatuak Lizarran, feriekin osatzen ziren, udazkenean ospatzen zirenak hamabost egunetan elkarren segidan, San Migel egunean hasten zen, irailaren 29an.
Erdi Aroan barna, merkatuan gehien saldu ziren salgaiak tokiko produkzioak izan ziren: aziendak, ardoa, garia, olioa edo oihalak2. Horrez gain, honakoa eskaintzen zen: eztia, gazta, artilea, frutak, oihal eta ehun anitzak, ohiko erabilera zuten produktu manufakturatuak, hau da, lapikoak, platerak, zeramika kaikuak, edo iltzeak eta burdineriak. Baina lehengaiak ere aurkituko ditugu, gero eraldatuko direnak, burdina, argizaria, kalamua, lihoa, larrua, beira… Eta produktu exotikoak ere egon baziren, esaterako, piperbeltza, azafraia, kanela eta “espezieria oro” azukrea barne3. Nahiz eta kostaldea urrun egon, Erdi Aroko Lizarran itsas arraina kontsumitzen zen (aberatsek bereziki). Fresko edo gazituak, legatzak, bisiguak, sardinak edo sardinzarrak eskaintzen ziren.
Hala ere, landa eremu hurbiletik datozen merkantziak, garrantzitsuenak dira. Lizarran elkartzen dira eskualdeko herri guztietako jendeak, erromesekin eta Donejakue Bidearekin loturiko merkatariekin. Sartaguda, Los Arcos, Mendabia, Lana edo Villatuerta bezalako herrietatik heltzen dira hemen saltzen den azienda gehien. Eta zereala (garia, garagarra eta oloa) Allo, Arroitz, Deikaztelu, Lerin edo Miranda herrietatik, beste batzuen artetik, heltzen dira.
Estella-Lizarran ia jatorritik, osteguneko asteroko merkatuaren bidez, eskualdeko harremanak eratzen dira bertara etortzen diren herrien artean. Eta hiriarekin gertatzen denaren antzera, gauza bera gertatzen da Estellerriarekin: Merindadearen osaera merkatuarekin dago loturik zuzenean, inguruko herriak barna hartzen baititu, astero Lizarran elkartzen direlako salerosketak egiteko, gehieneko distantzia 40 kilometro izanik, batez beste (gutxi gorabehera egun bakar bateko ibilbidea gurdiekin eta zamariekin). Merindadea horrela eratzen da, Urbasa eta Andia mendilerroen eta Ebroko ertzaren artean barne hartzen den lurraldearekin, dagoeneko XIII. mendean aipatzen den bezala. Eskualde natural bat da, eta lurralde horrek bat egiten du merkatuak eskualdean sortzen duen eragin ekonomikoarekin.
Gure arotik askoz ere hurbilago, XIX. mendean, osteguneko merkatuaz gain, merkatu berezi bat egiten zen igandetan, zerealaren salmentara emana.
XX. mendearen erdialdera hurbilduta, Mercados geográficos y ferias de Navarra4 liburuak islatzen du bere garrantzi handia herrialde mailan: Nafarroa osoan jende gehien hartzen duen bigarrena Iruñekoarenaren ondotik. Eskaintzen diren produktuak ere agertzen dira deskribaturik edo etortzen den jendearen jatorria:
“Lizarra gaur ere merkatua da, lehen zen bezalakoa, non ostegunero etortzen baitira, Urbasako oinaldeko jendeak, Egaibarrekoak, ‘Nafarroako Errioxakoak’; Erriberakoak eta Mendialdekoak, hitz bakar batean.
Merkatuan saltzen dira, bereziki, Erriberako frutak eta barazkiak, gazta, mendialdeko gatza eta txerri-aziendak, eta hegaztiak eta arrautzak, alde batekoak zein bestekoak. Garai arruntean oso garrantzitsua zen pentsuen eta eltzekarien merkatua, eta azken aldi honetan mahasti-txertoak garrantzi handia hartu du”.
Liburu horretako ondoko krokisak islatzen du merkatuko postuetako banaketa 1948an:
XX. mendeko bigarren erdialdean barna, nekazaritza-sektorea areagotzea, monolaborantza igotzea, nekazal populazioaren jaitsiera, globalizazio ekonomikoa edo arautegi edo nekazaritza-politikaren faktore batzuek eragin dute tokiko produktuek eta ekoizleek gero eta presentzia gutxiago izatea merkatuan.
Erosteko ohiturak ere aldatzen dira, Lizarrako gune historikotik hiriko merkataritza-guneetara edo Iruñera edo Logroñora ere joanez, gero eta prozesatuago diren elikagaiak lortzeko, barazkiak, eltzekariak edo frutak dietatik ordezkatzen diren bitartean. Aldaketa hauen eragin negatiboak tokiko ekonomian, nekazaritza-munduan, gure osasunean eta ingurunean, gero eta nabariagoak dira.
Horregatik guztiagatik, merkatu tradizionalen eta tokiko merkataritzaren papera gure inguruan berreskuratzea funtsezkoa da, Lizarrako eta Estellerriko sorburua eta motorra mendeetan zehar izan direlako eta onura anitz, sozialak, ekonomikoak eta ingurunerako ekartzen dizkigutelako, lagungarriak direnak hiria eta eskualdea bizirik iraunarazteko, elikadura burujabetza gakoa baita.