Bide Berdeko merkatuak larunbat honetan bukatuko dira Estella-Lizarran, jarduera-programa osoarekin

Inguruko produktuak saldu eta sustatzeaz gain, ibilaldiak eginen dira tren turistikoan eta ibilaldi gidatuak bizikleta elektrikoetan trenaren trazadura zaharrean zehar

Zazpi tabernak pintxo bereziak eskainiko dituzte eta, gainera, irabiaki osasungarrien lantegi batera joan ahal izanen da

Bide Berdeko Merkatuak ekimena hilabete batzuk lehenago jarri zen martxan Merindadean, hainbat erakunde eta elkarteren lankidetzari esker. Larunbat honetan, ekainaren 12an, amaituko da Lizarran, adin guztietako jendearentzako goizeko jardueren programa batekin, Foruen plazan inguruko produktuak saldu eta sustatzeko osagarri gisa.

Teder, Vasco-Navarro Trenaren Bide Berdearen Elkartea, Decasa-Etxekoa eta Plazara!, Estella-Lizarrako Udalarekin, Tierra Estella Turismo Partzuergoarekin eta Nafarroako Gobernuarekin bat egin zuten ekimen hori abian jartzeko. Ekimen hori beste herri batzuetan ere egin da, besteak beste, Zuñigan, Acedon, Antzinen, Murietan edo Zufian (Metauten).

Larunbat honetan, hitzordua Ega hirira itzuliko da, eta merkatuan bertako produktuak jarriko dira, 25 bat postutan. Sasoiko barazkiak izanen dira protagonista nagusiak.

Halaber, 12:00etan, irabiaki osasungarriak egiteko tailer bat izanen da Jesús Arandarekin. Jarduera hori NNPEKekin lankidetzan programatu da.

IBILALDIAK TRENEAN ETA BIZIKLETA ELEKTRIKOAN

Eguneko beste erakargarritasunetako bat da bertaratzen diren pertsonek Bide Berdean ibilaldiak egin ahal izanen dituztela, bai Merkatarien, Ostalarien eta Zerbitzuen Elkartearen tren turistikoan (10:30etik 14:30era), bai eta bizikleta elektrikoetan ibilaldi gidatuak ere. Azken horiek 10:30ean, 11:30ean eta 12:30ean abiatuko dira, eta www.teder.org webgunean eman behar da izena. Merkatuan erosketak egiten dituztenei txartelak emanen zaizkie trenez ibiltzeko.

Era berean, hiriko zazpi ostalarik pintxo bereziak eskainiko dituzte egun horretan, 2,5 euroren truke. Parte-hartzaileak: Batzoki Lizarra, Bar La Moderna, Bar Pigor, Florida jatetxe-taberna, Izarra jatetxe-taberna, La Txantona jatetxe-taberna eta Xanti jatetxe Kafe Taberna.

Amaitzeko, eta jardunaldiaren amaieran pizgarri gisa, erosketarako orga bat zozkatuko da merkatuko produktuekin.

Hurrengo merkatua

Egunak
00
Días
Orduak
00
Horas
Minutuak
00
Minutos
Segunduak
00
Segundos